Ikas Komunitatea

atletic ikasleak

Proiektu honen xede nagusia gizarteak hezkuntzari dakarzkion eskakizun eta betebeharrei erantzun egokia eskaintzea da, eta horretarako Nazioartean baieztaturik dauden hezkuntza jardueretan oinarritzen da. Ikas Komunitateak hezkuntza komunitateko eta gizarteko eragileen parte hartzea bultzatzen du kudeaketan zein ikasketan eta horretarako “batzorde mistoak”, “elkarrekintako taldeak”, “tertulia literarioak eta pedagogikoak” edota “elkarbizitza komunitarioa” bultzatzen du. (gehiago jakiteko)

Lekeitioko eskola 2000. urtean bihurtu zen Ikas Komunitate eta ordutik hona proiektu honek proposatzen dituen zenbait estrategia lantzen ditu.

Elkarrekintzako taldeak

Elkarrekintzako taldeak gela ikas taldeetan antolatzeko era jakin bat da.Elkarrekintzetako taldeen saio arrunt batean, bost/sei ikasleko hiru/lau talde antolatzen dira (gelako ikasle kopuruaren arabera), taldeok heterogeneoak (anitzak) dira eta bakoitza pertsona nagusi baten ardurapean dago (irakaslea, senidea, boluntarioa...). Talde bakoitzeko 20/30 minutuetako ekintzak antolatzen dira. Ekintza amaitzeko denbora betetzen denean, aldatu egiten da: talde bakoitza bere jarlekutik jaiki eta beste ekintza batera pasatzen da, era honetara jarduera eta pertsona heldua aldatzen dute. Gure eskolan DBH 4. mailakoak, 5 eta 6. Mailako ikasle nagusiak, senideak edota beste irakasle batzuk izaten dira elkarrekintzako taldeen arduradun.

taldea

Tertulia literarioak

liburua

Tertulia literarioa irakurketa partekatzeko era konkretu bat da; irakurlea, testua eta gainontzeko irakurleen arteko harreanak adierazteko modu jakin bat. Tertulietan ikasle guztiek daukate aukera pentsatzen dutena esateko eta besteena entzuteko, baita elkarren arteko eztabaidak eta elkarrizketak sortzeko.

Elkarbizitza komunitarioa

Eredu honek, guraso, ikasle, irakasle eta eskolako beste eragile guztien arteko akordioan oinarritzen du eskolako elkarbizitza. Ikaslearen ibilbidean etxeko, kaleko eta eskolako gertaerak lotzen ditu elkarlan, akordio eta elkar ulertzearen bidez. Eredu honen baitan kokatzen dira Hezkidetza eta Genero Indarkeriaren Prebentziorako proiektua, Ikasleen Asanbladak eta Foroak, eskolako patio eta espazioen kudeaketa eta abar.

batzarra

Hezkuntza komunitatearen parte hartzea

ikasleen aurkezpena

Ikastetxearen antolamendu, funtzionamendu eta kudeaketaren zehaztasunak ikastetxeak dituen berariazko dokumentuetan aurkitu daitezke, hain zuzen Eskolako Araudian, Urteko Planean eta Ikastetxeko Curriculum Proiektuan. Dokumentu horietan esaten dena laburbiltzea erraza ez bada ere, oinarri demokratikoetan finkatzea, erabakiak guztion artean partekatzea, kudeaketa gardena izatea eta hobekuntzarako bideak guztion elkarrekin pentsatzea dira funtsezko ideiak.

Batzorde mistoak

Senideen eta beste pertsona batzuen parte hartzeak berebiziko garrantzia hartzen du Ikas Komunitatean. Gelako jardueretan kolaboratuz edota eskolako kudeaketan parte hartuz, pertsona guzti horiek eragin zuzena dute eskolako demokratizazio prozesuetan, eskolako giroan eta ikasleen emaitza akademikoetan. Parte hartze horen eredu dira Batzorde Mistoak, hau da irakasle, ikasle, senide eta langile zein boluntarioekin osatutako lan taldeak.

Batzorde mistoak

Prestakuntza

Prestakuntza

Senideen prestakuntzak eragin zuzena du seme-alaben ikasketan eta horregatik ezinbestekoa da horretaz kargutzea eta beharrezkoak diren baliabideak eskolatik bertotik ipintzea. Horregatik Ikas Komunitatean etengabeko prestakuntza bultzatzen da irakasleentzat eta senideentzat.